Iberiar Penintsulako
Dinosauro Iknitak

IPDI aztarnategien eremu geologikoak Bilakaera

Iberiar Penintsulako aztarnak eta ingurune geologikoa eta geografikoa (eremu geologikoak)


Iberiar Penintsulako dinosauro aztarnak eremu edo leku geologiko/geografiko desberdinetan koka daitezke, dinosauroen fauna elkarte desberdinen bizileku izan ziren ingurune ekologiko zehatz hauek eratzea eragin zuten gertaera geologikoak hobeto ulertzeko. Horrek guztiak Pangeako eta Laurasia mendebaldeko txoko ekologikoei loturiko dinosauroen faunen banaketari buruz gehiago jakiteko megalaborategi bihurtzen du IPDI. Gainera, dinosauroen bizimodu eta jokabide anitzak ezar daitezke.

Iberiar Penintsulako dinosauro aztarnei dagokienez, aztarnategiak eratu ziren lekuen eta bizi izan zireneko garai desberdinen hiru eremu oso adierazgarri daude. Eremu horiek berezko testuinguru geologikoa dute Mesozoikoaren zati batean Iberiari eragin zion plaken tektonikaren barruan:

DINOSAUROEN KOSTA, Portugalgo eta Espainiako ipar-mendebaldeko Erdi eta Goi Jurasikoko aztarnategiek, Proto-Atlantiarraren hedatze garaian eratutakoek, irudikatzen dutena.

Iberiar Penintsulako agerpen jurasikoetan deskribatutako aztarna eta hezurren azterketa orokorraren arabera, garai hartan asko ziren sauropodo handiak; eusauropodoak, diplodozidoak eta titanosauriforme basalak, besteak beste. Oro har, beren aztarnak tamaina desberdineko beste teropodo batzuenekin lotzen dira: karnosauroak, espinosauridoak, zeratosauridoak eta manirraptoreak. Tireoforoen artean estegosauroak eta ankilosauroak nabarmentzen dira.

Dinosauroen fosilen lotura honek, Iberiar Penintsulan islatzen denak, ederki irudikatzen ditu Erdi-Goi Jurasikoan munduan ziren dinosauro talde desberdinak.

Eremu geologiko hauek irudikatzeko, eta ikuspegi zientifikotik ondare balorazio ugari egin ondoren, honako aztarnategi hauek hautatu dira:

Erdi Jurasikoan:

  • Pedreira do Galinha (Bajociense-Bathoniense), sauropodoen arrasto zabalekin.
  • Vale de Meios, karnosauroen teropoda handien milaka aztarnarekin eta arrasto sauropodoren batekin.

Goi Jurasikoan:

  • Pedra de Mua, sauropodoen eta teropodo handiren baten arrasto zabal eta estu ugarirekin.
  • Tereñes, ornitopodo, teropodo, sauropodo eta estegosauridoekin.

ALDATZEN ARI DEN MUNDUA, Estrecho edo Surco de Soria deiturikoan Jurasiko-Kretazeo mugatik hasi eta Behe Kretazeoko aro desberdinetatik igaroz Espainiako Goi Kretazeoaren zati batera arteko aldietan sortutako aztarnategiek irudikatua.

Eremu horretan, aztarna zuzenek eta zeharkakoek Goi Jurasikoko ohiko faunen (sauropodo asko) eta Behe Kretazeoko faunen (ornitopodo asko) arteko fauna aldaketa erakusten dute. Behe Kretazeoan sauropodo titanosauriformeek eta, neurri txikiagoan, rebakisauridoak bezalako diplodozidoek jarraitzen dute. Pixkanaka kanptosaurido eta driosauridoak bezalako ornitopodo basaletatik iguanodontido eta hipsilofodontidoen nagusitasunera pasatzen da.

Zeharkako aztarnak bakarrik kontuan hartuta, aztarna teropodoak dira nagusi. Aztarna zuzenen arabera, ordea, alderantziz litzateke. Hezurren eta aztarnen arteko desoreka hori aztarna batzuek eta besteek ekosistema desberdinetan fosilizatzeko erraztasunari edo zailtasunari lotzeko ahalegina egin da. Tireofororik badago ere, eremu oso mugatuetan agertzen dira.

Iberiar Penintsulako eremu geologiko hau munduko lekurik onenetakoa da. Bertan, kilometro gutxian, ikniten bidez ederki egiazta daiteke dinosauroen faunek Jurasikoaren eta Kretazeoaren artean mundu mailan izandako aldaketa.

Eremuko aztarnategiak metodologikoki baloratu ondoren, honako hauek hartzen dira adierazgarrientzat ikuspegi zientifikotik, beren adinarengatik zein dinosauroen fauna segidari dagokionez irudikatzen dutenarengatik:

Jurasikoaren eta Kretazeoaren artean (Titónico-Berriasiense deiturikoa):

  • Las Cerradicas, ornitopodo koadrupedo txikien arrastoekin eta sauropodo txikien arrasto zabalekin. Teropodo txikiak ere agertzen dira.
  • Fuentesalvo, iknita tridaktila teropodoen arrasto askorekin.

Behe Kretazeoan (Hauteriviense-Barremiense deiturikoa):

  • Costalomo, teropodo txiki eta handiekin, teropodo avianoekin, ornitopodo koadrupedo handiekin eta sauropodoekin.

Behe Kretazeoan (Aptiense deiturikoa):

  • El Peladillo, milaka aztarnarekin: teropodo handi eta txikiekin, ornitopodo handi eta txikiekin eta sauropodoekin.
  • Los Cayos, aztarna teropodo handi eta txikiekin eta aztarna ornitopodoekin.

Goi Kretazeoan (Santoniense-Campaniense deiturikoa):

  • Tambuc, teropodo/ornitopodo ertainen aztarnekin.

ARO BATEN AMAIERA, Espainiako Pirinioetan biltzen diren aztarnategien eremua da. Aztarnategi hauek Atlantikoaren eta Tethys itsasoaren arteko batasunaren "itxieran" zehar zeuden arro mesozoikoetan eratu ziren, Orogenia Alpetarraren hasieran.

Goi Kretazeoan zehar, sauropodoen ordezkaritza titanosauridoen presentziara eta, ornitopodoen artean, hadrosauridoen ugaritasunera mugatzen da. Teropodoen artean, ertainak eta txikiak ziren nagusi.

Eremu honetako aztarnategiak metodologikoki baloratu ondoren, hau hartzen da adierazgarrientzat:

Goi Kretazeoan (Maastrichtiense deiturikoa):

  • Fumanya, sauropodoen aztarna zabalekin eta teropodoen aztarna handi batzuekin.

Icono de conformidad con el Nivel Doble-A del W3C-WAI. Se abre en ventana nueva Titulares RSS disponibles

© Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa